Gizon izateko eredu soziala, oro har gizartean gailentzen diren gizon izateko moduen nagusitasuna eta emakumeen menderakuntza bermatzen duena, patriarkatua legitimatuz. [Oharra: Definizio honetan, aintzat hartu da gaur egun baliozkotzat jotzen den sexu-/genero-sistema bitarra, zeinaren arabera pertsonak emakumezko edo gizonezko soilik izan baitaitezke eta zeinak hierarkia bat ezartzen baitu bi generoen artean.]
Gizon izateko eredu hori aldatu egiten da gune sozialaren eta une historikoaren arabera, baina badira guztietan errepikatzen diren elementu batzuk, hala nola arrakasta soziala eta askotariko pribilegioak metatzea; esate batera, inolako zalantza edo eztabaidarik gabe sozialki onartua izatea. Horretarako, ordea, gizonek beharrezkoa dute ez soilik emakumeekiko botere-posizio argia, baita gizonen arteko kontrol-neurriak ere.
Azken hamarkadetan, analisi eta praktika feministek lekuan lekuko eta unean uneko maskulinitate-eredu hegemonikoak azaleratu eta zalantzan jarri dituzte, eta eredu horiek desegonkortzearen garrantzia azpimarratu dute. Hortik abiatuz, maskulinitate hegemonikoak zalantzan jartzeko eta deseraikitzeko prozesu kolektibo batzuk abiatu dira gizartearen sektore batzuetan.